Herriarentzat estrategia sozioekonomiko berria garatuko duela dio EH Bilduk
Arantza Mata EH Bilduren alkategaiak eta Gorka Errasti alderdiaren bozeramaileak Armeria Eskola bisitatu zuten atzo, alderdiak garatu nahi duen estrategia kontrastatu eta Armeriakoen iritzia jasotzeko. “Eibarrek bere erreferentzia ekonomikoa berreskuratzea nahi dugu”, diote Bildukoek.
Bilduren ustez, “azken hamarkadan merkataritza erabat lehenetsiz egindako politikek ondorio larriak utzi ditu Eibarren. Ezberdintasun sozialen gorakada nabarmena eta sare industrialaren desegitea, begi bistan daukagun errealitate gordinaren osagai dira”. Beraz, egoera aldatzeko, “EH Bilduren estrategia sozioekonomiko berriak industriaren garapena, komertzio txikia eta lokal hutsen erabilera, lehen sektorearen indartzea, langabezian dauden pertsonen laneratzea, turismoaren garapena eta eskualdeko garapen agentziaren birformulazioa eta indartzea barnebilduko ditu”.
Bilduren estrategia sozioekonomikoak hiru oinarri izango ditu: herrian dauden enpresak babestea eta deslokalizazioa ekiditea; enpresa industrialak erakartzea; eta enpresa industrial berria sortzea.