Herriko atleta federatuek hainbat txapelketei egin diete aurre
Palafrugellen jokatutako selekzio autonomikoen arteko 18 urtez azpiko txapelketan parte hartu zuen Elene Arrazola Klub Deportiboko atletak brontzezko domina eskuratu zuen 100 metroko proban, haizea kontra izanda ere 12.35 segundoko denbora eginez. Arrazolak parte hartu zuen baita 4x100 metro errelebo mistoko proban ere, selekzioa zortzigarren postuan sailkatuz. Sailkapen orokorrean euskal selekzioa zazpigarren geratu zen.
Gasteizen jokatutako 16 urtetik beherakoen Euskadiko Txapelketan bi izan ziren Deporreko ordezkariak, biak ere podiumetik ezin gertuago geratzeko, laugarren postuan sailkatu baitziren. Elene Beitiak 100 metroko bere seriean 13.60 segundoko denbora egin zuen eta Haizea Magunazelaiak 23 metroak gainditu zituen xabalina jaurtiketan.
Azkenik, Arrasateko Mojategi pistan jokatutako Parte-hartze Libreko proban Deporreko laukote bat izan zen parte hartzen: Anwar El Hassouni hirugarren izan zen 1.500 metroko bere seriean, 4:01.30eko denborarekin bere marka pertsonala eginez; eta Naia Kapelastegik, Nerea Aizpuruk eta Farah Chajranek abiadurako probetan hartu zuten parte, 100 metroko euren serietan bosgarren izateko lehenengo biek eta zazpigarren hirugarrena.