Herriko jaien inguruko hausnarketa sakona egitea eskatu du Bilduk
Bilduk adierazi du batzordea “behin bakarrik” bildu dela eta Sanjuanetako programazioak eguneraketa baten beharra duela. “380.000€ko aurrekontua duten Sanjuanek ez al dute programazioaren inguruko hausnarketarik merezi? Adin tarte guztien beharrak jasota al daude programazio horretan”, dio EH Bilduk.
Bilduk dionez, “Jaien Batzordearen bilera bakarrean Arrate egunean ere gaueko autobus zerbitzua eskatu genuen, nahiz eta barixakua izan, PSEk ez zuelako horrela aurreikusita. Aztertuko zutela erantzun eta gero, zerbitzuaren eta ordutegien berri komunikabideen bitartez jakin genuen”. Horrela, autobus zerbitzua egon zen, baina Bildurentzat ez zen nahikoa izan Arraten bildu zen jende kopuru handiagatik: “Arrate egunean kanpa jendez lepo zegoen eta PSEk jarritako gaueko autobus zerbitzuak ez zituen behar guztiak asetu. Autobus bakarra orduro, autobusak jendez gainezka, pertsonak autobusean tente, beste batzuk oinez jaisten Arratetik… guzti horrek dakarren arriskuarekin. Guzti honek ere hausnarketa eta autokritika baten beharra duela uste dugu”.