Herriko kirol-instalazioetan berrrikuntzak egingo dituela iragarri du Eibarko Udalak
Makina berriak jarri, espazioak birdiseinatu eta konponketak egingo dira 3 zentroetan 2024an hasi eta 2025ean zehar
2024/11/13
13:25
eta kitto!
Eibarko Udalak lan batzuk iragarri ditu Ipuruan, Unben eta Orbean, herritarrei instalazio berriak eta ekipamendu hobea eskaintzeko. "Jarduketa horiek aurten hasi eta 2025ean jarraituko dute. Besteak beste, makinak hobetu, espazioak egokitu eta zerbitzu berriak ere sortuko dira herriko hiru espazioetan", azaldu dute Udaletik.
Ipuruan, fitness-gelaren eraberritze integrala egingo da: indarra eta kardioa lantzeko makina berriak jarri, ekipoak berrantolatu eta espazioa birdiseinatu egingo da. Gainera, xehetasun estrukturalak hobetuko dira, esaterako, zorua berriztu eta sarbideko ateak aldatuko dira, eta pintatu egingo da. Rokodromoa duela gutxi eraberritu da, eta lehen pisuan beste bat egingo dute fitness-gelatik gertu, 2025erako, eskalatzaileei entrenamendu-aukera gehiago emateko. Erdiko pista ere berregokitu egingo da, eta igerilekuak kortxo-ilara berriak izango ditu, kaleen erabilera hobetzeko.
Unbe kiroldegian futbol-zelaian eserlekuak jarriko dira harmailetan, eta aldageletan berregokitze-lanak egingo dira, instalazioak erabiltzen dituzten jokalarien erosotasuna hobetzeko.
Bestalde, Orbeako kiroldegian ere obrak egingo dira. Fitness-gelan, berriztu egingo da behegaina, berrantolatu makinak eta ekipo berriak jarriko dira 2025ean zehar, bereziki kardioa eta indarra lantzeko makinak. Erabilera anitzeko aretoetako batean, entrenamendu funtzionaleko gune bat jarriko da, TRX ekipoekin, erabiltzaileek aukera gehiago izan ditzaten. Hori guztiaz gain, "igerilekuaren eremuko sabaia kaltetuta dagoenez waterpoloko baloi-jaurtiketak direla-eta, sare berezi bat jarriko da hura babesteko", azaldu dute.