Herriko merkataritza eta ostalaritza suspertzeko asmoz antolatu duten Gabonetako kanpaina hasi da
Herriko merkataritza eta ostalaritza bultzatzea helburu duen kanpaina atzo hasi zen, Gabonetan kaleak apainduko dituzten argiak ofizialki piztearekin batera.Udaleko ordezkariekin batera, Eibarko merkataritza eta ostalaritzakoak ere han izan ziren, baita Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatua ere. Errebal Plazan dagoen arbola ixotu eta, jarraian, Arnoren musikarekin girotutako jaia hasi zen Errebal Plazan. Eta, pixkat epeltzeko, bertaratutakoei txokolatea eta bizkotxoak banatu zizkieten, doan.
Atzoko ekitaldiarekin hasi da ofizialki aurtengo Gabonetako kanpaina Eibarren. Horren aurkezpena astelehenean egin zuten eta, esandakoaren arabera, “urtero bezala, Gabonetako argiztapenaz eta barrakez gain, Astelena Haur Parkea (Txikipark) ere egongo da. Aurtengo berritasuna Untzaga plazan ipiniko duten Gabonetako txirrista izango da”. Gabonetako kanpaina honek merkataritzan eta ostalaritzan duen garrantzia azpimarratu zuten agerraldian,“establezimenduei salmentak hobetzeko aukera ematen baitie. Aldi berean, kanpainan programatutako jarduerek bizitasuna eta kolorea ematen diote herriari, eta jendea erosketak Eibarren egitera animatzen dute. Zentzu horretan, Eibar Merkataritza Gune Irekiak ezarritako helburu nagusia mantentzen da, alegia, merkataritzaren eta ostalaritzaren ikuspegitik Eibar leku erakargarri gisa bultzatzea eta sendotzea”. Merkatari eta ostalariek Udalarekin batera antolatutako Gabonetako kanpainak 200.000 eurotik gorako aurrekontua izango du aurten.