Herriko pilotariek gaur arratsaldez eta bihar goizez jokatuko dute Astelena pilotalekuan

Herriko pilotariek gaur arratsaldez eta bihar goizez jokatuko dute Astelena pilotalekuan
2023/09/22 09:58
eta kitto!
Gaurko jaialdia arratsaldeko 19:00etan hasiko da Astelena pilotalekuan eta Eibarko Klub Deportiboko ordezkariak protagonista izango dira pilotako bi partidutan eta azkenean jokatuko den paletakoan. Gipuzkoako Binakako Txapelketaren barruan, kadete mailako norgehiagokak izango dira jokoan: lehenengoan, Xuban Varona eta Ekhi Azpilikueta eibartarrek Ataungo Dorronsoro-Alzua bikotea izango dute aurrez-aurre; jarraian, Oñatz Urkiaga eta Ugaitz Segurola eibartarrek Beasaingo Sanchez-Goikoetxea bikoteari egingo diote aurre. Paleta gomazko binakako partiduarekin amaituko da jaialdia, eta hor Lombra-Urain Eibarko bikoteak eta Zestoako Odriozola-Rodriguezek neurtuko dituzte indarrak.

Bestalde, bihar goizeko jaialdia 11:00etan hasiko da eta horko partidu bakarra senior mailakoa izango da, Eibarko Klub Deportiboko Azkargorta-Conde eta Zestoako Agirre-Odriozolaren arteko lehia hartuko duena.

Goiko argazkian, Ibarra-Caramanzana Deporreko jubenil mailako bikotea. Eibartik kanpo izango dira asteburu honetan, Hernanin jokatuko baitute domekan bertako Iturbe-Legarretaren aurka.