Herritu ekimenaren Eibarko aurkezpena egingo dute barixakuan

Gure Eskuk abiatu duen ekimen berria ezagutzera emateko ekitaldia Errebalen egingo da martxoaren 6an, 19:30ean.
Herritu ekimenaren Eibarko aurkezpena egingo dute barixakuan
2026/03/04 11:17
Silbia Hernandez Arrazola

Martxoaren 6an aurkeztuko du Gure Eskuk Herritu izeneko ekimena, 19:30ean Errebalgo plaza estalian. Aurkezpen-ekitaldia herritar guztientzat ateak zabalik egingo da eta, besteak beste,  ekimenari buruzko azalpenak emango dituzte, eta Herritu ekimena babesten duten Eibarko pertsona ezagunez osatutako hamaikakoa aurkeztuko dute. Hori guztia bertsolarien eta abeslarien parte-hartzearekin lagunduta.
Euskal Herriaren burujabetza eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko abiatu berri den ekimena da Herritu. Arduradunen berbetan, “Herritu ekintza bat da, euskal komunitatea osatzeko norbanako ekintza. Horrela definitu dugu. Ekintza hori, beraz, norbanakoek egingo dute, norbanakoek autoafirmazio ariketa bat egingo dute, euskarri fisiko sorta batetik abiatuta, helburu garbi batekin: euskal komunitatea eraikitzen jarraitzea, euskal komunitatea trinkotzea”. Horri buruzko xehetasun guztiak barixakuko ekitaldian emango dituzte eta eibartar guztiak bertaratzera gonbidatu dituzte.