Higiezinen iruzurra egotzita, gaur hasi da Mikel Larrañaga eta beste bi inputatuen kontrako epaiketa
Gaur (eguaztena, hilak 7) hasi da Gasteizen Mikel Larrañaga Eibarko alkate-ohiaren, Alfonso Ruiz de Alegriaren (Cartera Saraspe S.L. enpresako administratzailea) eta Julian Ernesto Ochoaren (Puentepiedra Servicios Inmobiliarios enpresako ordezkaria) kontrako epaiketa. Fiskaltzak higiezinekin iruzurra egitea egotzi die Larrañagari eta beste bi lagunei eta 9 urteko kartzela zigorra eta hiruren artean 110.000 euroko kalte-ordaina ematea eskatu du.
Fiskalaren arabera, hiru inputatuek Cartera Saraspe S.L. enpresak Villamediana de Ireguan (Errioxan) jasotzen ziharduen etxebizitza batzuk salerosteko hiru kontratu aurkeztu zituzten 2006ko ekainean eta, "beharrak hasi barik zeudela jakin arren eta bidegabe aberasteko asmoz", hiru etxebizitzak erosi nahi zituzten bi erosleri aurretik dirua emateko eskatu zieten. Horietako batek 21.340 euro eman zituen eta besteak 55.919 euro, azken horrek bi erosi nahi zituelako. Ondoren, etxeak emateko epeak atzeratzen joan ziren, erosleek aurreratutako dirua ez zuten berreskuratu eta 2009ko martxoan Cartera Saraspe enpresako administratzaile biek Konkurtso Legera jo zuten eta Gasteizko epaitegi batek eskaera hori onartu egin zuen eta hartzekodun gisa izendatu zituen bi erosleak.