Hilaren 18rako antolatu dute Deporreko mendizaleek hurrengo irteera

Hilaren 18rako antolatu dute Deporreko mendizaleek hurrengo irteera
2023/11/08 10:55
eta kitto!
Azaroaren 18an helduko diote berriro Herri Txikiko zeharkaldiari, oraingo honetan seigarren etapa osatzeko: Amezketatik Zaldibiara egingo dute txangoa, bidean 1.342 metroko Larrunarri-Txindokitik pasatuz. Paregabeko aukera eskaintzen dute oraingoan, Euskal Herriko gailur enblematikoenetako bat igotzekoa, “Cervino mendiaren antzeko itxura piramidala daukan berbera”. Bidean izango da ikusteko gehiagorik, tartean 901 metroko Ausa Gazteluko tontorra, “garai batean han egondako gazteluaren aztarnei oraindik eusten dietena”. Ibilbideak 17 kilometroko luzera izango du, igotzeko eta jaisteko oso desnibel parekatuekin (1.333 metro igo eta 1.365 jaitsi). Goizeko 08:00etan irtengo dira Ego Gainetik eta buelta arratsaldeko 17:00etarako aurreikusten dute. Betiko lez, interesatuek informazio gehiago lortu dezakete martitzen eta eguenetan Deporretik pasatuta (19:30-20:30); baita 943201904 zenbakira deituta.

Aurreko domekan 20 laguneko taldeak ibilbide interesgarria egin zuen Gibixo mendilerroan, Iñigo Arizagak gidatuta: “Aurrehistoria aztarnak ikusi genituen Los Santos eta Sosterga Kobetan, otsozulo eta kobazuloetako bisita gidatuen antzera”. Eguraldia ere iragarritakoa baino hobea irten zitzaien.