Hilaren 28an hasiko den Euskararen Hamabostaldiko egitaraua aurkeztu dute
Euskara protagonista izango da datozen asteotan. Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu abenduaren 3an eta, horren harira, hainbat ekintza prestatu dituzte Eibarko Udalak eta herriko eragileek, tartean ...eta kitto! Euskara Elkarteak.
Euskararen Hamabostaldiaren egitaraua azaroaren 28an hasiko da, eguenean, Ana Goitiaren ‘Katana’ bakarrizketarekin. Saioa Klub Deportiboan izango da, 18:30ean, doan eta aforo mugatuarekin. “Ana Goitiak normalean konturatzen ez garen gauzetan jarriko du arreta bakarrizketa honetan, egungo musika eta marketinean, “sold out” aren moda, guraso eta umeak kontzertuetan egotearen moda, matxismoa, lodifobia eta egunerokotasuneko gaiak”, diote antolatzaileek.
Abenduaren 3an, esan bezala, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko eta egun osoko egitaraua prestatu dute horretarako. Goizean ikastetxeekin mintzodromoa egingo da Untzaga Plazan, eta arratsaldean, berriz, 18:00etan helduentzako mintzodromoa egingo da, herritarrentzako irekia. Jarraian, 19:00etan, Eibarko Euskalgintzaren eskutik “Ixotu euskeria! Argixa ez dadila emetau!” ekintza egingo da (norberak bere etxetik linterna eraman beharko du).
Abenduaren 11n, ‘Euskalgintza eta feminismoa' izeneko hitzaldia antolatu du Andretxeak. Euskalgintzaren eta feminismoaren arteko gurutzaketa eta aliantzarako bidea arakatzen dituen “Trikua esnatu da” liburua izango du oinarri hitzaldiak, eta hizlariak Lorea Agirre Dorronsoro eta Idurre Eskisabel Larrañaga izango ditugu.
Egitarauarekin amaitzeko, abenduaren 12an, eguenean, noka ikastaroa egingo da Andretxean. “Hitanoz ari garenean neskei “noka” egiten diegu, eta 2 orduko ikastaro labur honetan Eibarko nokara hurbilpen bat egingo da. Irakaslea Badihardugu elkarteko Aintzane Agirrebeña eibartarra izango da eta izen-ematea beharrezkoa izango da ondorengo estekaren bitartez: https://labur.eus/NokaIkastaroa”, diote antolatzaileek.