Hilaren 29rako Udazkentraila antolatu dute Kalamua Korrikalari Taldekoek
2023/10/18
09:55
eta kitto!
Kalamua Korrikalari Taldekoek Udazkentrailaren beste edizio bat prestatu dute, hurrengo asteburuko domeka goizean jokatuko dena. Klub Deportiboko Mendi Taldeko partaide horiek antolatutako Udazkentrail23 herri-irteera hori goizeko 08:30ean abiatuko da Deporretik bertatik (goizalde horretan neguko ordutegian sartuko gara, kontuz beraz) eta toki berean izango du amaiera, 16,48 kilometroko ibilbidea osatu eta gero. Kalamuakoek hiru ordutan amaitzeko modukoa dela aurreikusten dute 651 metroko goranzko metatua duen proba.
Trail irteera doakoa da eta edozeinek parte hartu dezake, baina antolaketa lana errazteko izena ematea beharrezkoa da email bidez kalamuakorrikalaritaldea@gmail.com helbidera idatziz. Bestetik, nahiz eta ibilbideak zailtasun teknikorik ez izan, antolatzaileek mendian federatuta egotea gomendatzen die parte-hartzaileei, edo norberak bere segurua izatea. Eta baita ondorengo materiala eramatea ere: mendian korrika egiteko oinetakoak, mugikorra, zira, ura eta jateko zerbait.