Hilaren 30ean ospatuko du mendeurrena Eibarko Klub Deportiboak

Hilaren 30ean ospatuko du mendeurrena Eibarko Klub Deportiboak
2024/01/17 20:17
eta kitto!
Gaur arratsaldez Toribio Etxebarriako euren lokaletan aurkeztu dituzte Eibarko Klub Deportiboko ordezkariek egun berezi horretarako prestatu duten egitarauaren hainbat zertzelada. Martitzena izanda ere, goizean hasi eta iluntzera arteko ekitaldiekin osatuko dute programazioa, “beti ere eibartar guztion parte-hartzea bultzatzeko asmoz”. Astelena frontoia izango da xede nagusia, goizeko 08:00etatik aurrera: “Ordu horretatik 16:30ak arte eskoletako umeentzat egokitutako ekintzak izango dira nagusi. Ondoren, 100 kilometroko distantzia osatuko dute hainbat lagunek, rodilloan zein zintan, eta pilotan jokatzeko aukera izango da, barru modalitateko bost esparrutan”. 19:15ean kalejira hasiko da, Errebalera joan eta bertan orain dela 100 urteko lehen akta hura irakurtzeko. Hortik Deporreraino bueltatuko dira eta tartea izango da mokadutxoa hartzeko. Eta streaming bidez grabatuko duten azken ekintza horiek “17:30etik aurrera eskaintzeko aukera izango dute herriko tabernetan”.

Iñaki Osoro presidenteak eta Aresatz Usobiaga presidenteordeak eskainitako aurkezpenean Eibarko Txirrindulari Elkartea, Arrate Kultur Elkartea, Aspe pilotaren enpresa, ...eta kitto! Euskara Elkartea eta Eibarko Udalaren laguntza eskertu nahi izan dute bereziki. Eta ekitaldian tartea egin zaio baita ere Zaporeak elkarteari, egiten duen lana errekonozitzeaz aparte, “arratsalde horretan egingo dituzten kilometroengatik jasotako dirua Grezian lan egiten duen elkartearentzat izango baita”.

mendeurrena