Hilketarengatik akusatutako gizona errudun jo du epaimahaiak

Hilketarengatik akusatutako gizona errudun jo du epaimahaiak
2016/06/15 09:18
eta kitto!
Eibarko baserri batean 2013ko irailaren 22an odolusturik hil zen gizonaren heriotzaren harira egunotan egin den epaiketan, baserriko jabea erruduna dela erabaki du epaimahaiak. Horrekin bateraz, armak legez kanpo edukitzeagatik ere zigortu du. Baserriko jabeari hildakoaren gorpua ezkutatzen lagundu izana egotzita epaitu dituzten beste hiru gizonak, berriz, absolbitu egin dituzte eta aske geratu dira,  epaimahaiak parte-hartzea frogatzeko zantzu nahikorik ez dagoela ebatzi du eta. Hala ere, zigorra bertan behera laga eta baserriko jabearentzat indultua eskatzearen alde agertu da. Zigor-eskaera epaimahaiaren erabakiari egokitzeko bilera egin dute fiskalak, akusazio partikularrak (hildakoaren bikotekidea) eta defentsak. Ministerio Publikoak 13 urteko kartzela-zigorra eskatu du hilketagatik eta armak legez kanpo izateagatik, eta akusazio partikularrak zigor bera eskatu du. Baserriko jabearen abokatuak, aldiz, absoluzioa eskatu du, bere burua babestearren hil zuela argudiatuta.
Gertakariak 2013ko irailean gertatu ziren: hildako gizona baserrian zegoen marihuana sailera joan zen, oraindik identifikatu barik dagoen lagun batekin, eskopeta bat zeramala eta lapurtzeko asmoz, baina baserriko jabeak eta beste gizon batek haiek ikusi eta lapurretako batek eskopetarekin bi tiro egin zituen, txakur baten eta auto baten aurka. Baina borrokan erasotzaileak arma galdu, baserriko jabeak bereganatu eta bularrean tiro egin zion. Han hil zen gizona, odolusturik.