“Hiriko kiroldegien egoera geroz eta larriagoa da”, EH Bilduren ustez

Kiroldegien “utzikeria” Eibarko egoeraren isla dela dio alderdiak
“Hiriko kiroldegien egoera geroz eta larriagoa da”, EH Bilduren ustez
2025/02/24 11:28
eta kitto!

Eibarko EH Bildu oso kritiko azaldu da herriko kiroldegien egoerarekin. 2023. urtean Eibar Kirolaren Europar Hiria izendatu zuten, baina alderdiaren iritziz, “aurrerapenak baino, hutsuneak eta gabeziak nabarmenagoak dira, alegia, kiroldegien utzikeria nabaria da”.

EH Bilduren ustez, “hiriko kiroldegien egoera geroz eta larriagoa da, eta gune guztietan oso nabaria da ez daudela batere egoera onean. Urteetako erabileraren ondorioz sortutako kalteei apenas egin zaie konponketarik, eta ondorioak hainbat arlotara hedatu dira”.

Ipurua kiroldegiari dagokionez, “zaharkituta eta berritzeko premiak jota dago alde guztietatik”, Bilduren iritziz. Unben, bestalde, “goi mailako atletismo txapelketak hartzeko aukera paregabea galdu zen iaz, pista eta materialak (koltxonetak, adibidez.) hobetzeko beharrezko inbertsiorik ez egiteagatik”, diotenez.

Orbean, ostera, instalazio berriena bada ere, mantentze-lan premia handia dagoela dio EH Bilduk. “Ipuruako igerilekuen saturazioa arintzeko sortu zen eta, hala ere, hezetasunaren ondorioz margotzeko beharra duten paretak, hautsitako zokaloak, segurtasunik eskaintzen ez duen beiratea... Igogailuaren egoeragatik, irisgarritasuna ere ez da beti bermatzen. Gauzak horrela, igerilekuan, gimnasioan zein spa-n dauden konponketa behar hauek guztiak, banan-banan salatu izan dituzte erabiltzaileek, eta kasu batzuetan, erabiltzaileen osasuna arriskuan jartzerainokoak izanik, erantzunik jaso ez dutela ere azpimarratu nahi dugu”.

 

Berritzeetan aurrerapenik ez

EH Bilduk azaltzen duenez, “Eibarko udalak kiroldegien mantentze-lanak bere gain hartu zituen, baina konpontzeko zein berritzeko dauden beharren zerrenda amaiezina da, eta ez dugu bide honetan aurrerapenik ikusten, eta ematen den irudia gero eta txarragoa da”. Euren iritziz, “Eibar hiriaren gainbehera eta kiroldegien gainbehera erabat loturik daude, gobernuaren azken urteetako politikek kiroldegietan ere isla baitaukate”.

Egoera horri buelta emateko, EH Bilduk zera proposatzen du: “Ditugun baliabideak modu egokian kudeatzeko, eta kirol jarduerarako aukerak herritar guztientzat izan daitezen, beharrezkoa da  kirol eta jarduera fisiko arloa eraldatuko duten plana jorratzen hastea, publikoa, inklusiboa eta kalitatezkoa izango den proiektua, alegia”.