Hiru adingabe dituen familia bat etxegabetu dute Eibarren, Bidebarrieta kalean
Hiru adingabe dituen familia bat etxegabetu dute gaur eguerdian Eibarko Bidebarrieta kalean. Etxegabetzea gertatzen ari zela ohartu den herritar talde batek eman du egoeraren berri. …eta kitto!-ko kazetari bat bertan izan da.
Bertan bildutakoen arabera, etxebizitzan bizi zen emakumea ez zen alokairuaren titular ofiziala, beste pertsona batek alokatuta baitzuen etxea, eta hark utzia omen zion. Hala ere, emakumeak adierazi du ez duela epaitegiaren inolako jakinarazpen formalik jaso, nahiz eta aurretik Ertzaintza bere datuak jasotzera joan zen.
Lekukoen arabera, etxegabetzean emakumearen gauzak atarian utzi dituzte, eta ondoren atxilotu egin dute. Iturri berberen arabera, atxiloketak ez du zerikusirik etxegabetzearekin, bestelako auzi baten ondorioa baizik.
Ertzainek, bere aldetik, azaldu dute epaitegiaren agindua betetzera mugatu direla. Adierazi dutenez, etxebizitza husteko agindua zegoen, eta epaitegiak berretsi du barruan zegoen pertsona edozein izanda ere, etxea 11:00etarako hutsik egon behar zela. Poliziaren arabera, jakinarazpenak egin ziren, eta egoera judizialaren berri emana zegoen.
Familiako lagun batek salatu duenez, “ez diote inolako alternatibarik eskaini” emakumeari eta bere ardurapean dauden hiru adingabeei. Bestalde, ertzainek adierazi dute ez zutela adingabeen presentziaren berri. Haien arabera, atea jo dutenean emakumeak esan die bakarrik zegoela etxean; geroago jakin dute beste pertsona batzuk eta animaliak ere bazeudela barruan. Halaber, azaldu dute egia jakin izan balute, dagokion foru erakundeari abisatuko ziotela adingabeen egoeraz arduratzeko.
Gertakariak kezka piztu du, eta hainbat herritarrek gertatutakoa salatu dute.