Hiru eguneko irteera antolatu dute Pirinioetarako hilaren azken astebururako
Eibarko Klub Deportiboko mendi batzordeak, Elgoibarko Morkaiko mendizale elkartearekin batera, Pirinioetarako irteera antolatu dute, hilaren 25etik 27ra arte iraungo duena. Aran eta Luchon bailaretan zehar ibiliko dira, tartean 3.109 metroko Maupas mendira igota. Lehenengo egunean, barixakuan, 16,7 kilometroko ibilbidea egingo dute, Portilhon eta Venasqueko aterpea lotuz, bidean Tuc dera Escaletatik pasatuta. Bigarrenean, zapatuan, Venasqueko eta Maupaseko aterpeak lotuko dituzte 12,6 kilometroko bidea eginez. Azken egunean, domekan, Maupaseko aterpetik Valèe du Lys-eraino joango dira, tartean aipatutako Pic du Maupas eginez.
Prezioei dagokienez, bazkide federatu + FEDME kasuetan 205 euro ordaindu beharko dute, federatuak izanik baina FEDME gabekoek 228 euro, eta ez bazkideen kasuan 230 euro lehenengo kasuan eta 255 bigarrenean. Prezioan bidaia eta aterpetxeetako afariak, logelak eta gosariak sartzen dira. Izena emateko Klub Deportiboko web orrira jo dezakezue edo bertako bulegotik pasatu.