Hiru eibartar igo ziren podiumera Lauzirikako hiru-txirlo tiraldian

Elgetarekin jokatzen duen Bittor Astigarraga eta Asola Berriko Ganix eta Garikoitz Rodriguez bikain aritu ziren
Hiru eibartar igo ziren podiumera Lauzirikako hiru-txirlo tiraldian
2025/11/11 12:00
eta kitto!

Euskal Herriko 35. Hiru Txirlo Txapelketako laugarren tiraldia egin zen asteburuan, Markina-Xemeineko Lauzirika bolatokian. Bertan, eibartarrak bikain aritu ziren, hiru igo zirelarik podiumera: Elgetarekin jokatzen duen Bittor Astigarraga eta Asola Berriko Ganix Rodriguez sei txirlorekin, eta Asola Berriko Garikotz Rodriguez bost txirlorekin. Guztira, 69 lagunek hartu zuten parte.

Sailkapen orokorrari dagokionez, Jose Antonio Nuñez (San Andres) dago lehen postuan, bigarren Gotzon Uranga (Lastur) da eta hirugarren Angel Ibarluzea (San Migel A). Emakumeei dagokienez, Isana Gorosabel (Uda A) da liderra, eta MX3T-ko Nekane Anta eta Olatz Arano dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.

Taldekako sailkapenari dagokionez, Uda A taldea doa lehenengo postuan, guztira 58 txirlorekin. Bigarren eta hirugarren postuetan MX3T A taldea eta Elgeta daude, bakoitza 51 txirlorekin. Hurrengo jardunaldia zapatuan (azaroak 15) jokatuko dute, Elgetan, 17:00etan. Finala, aldiz, azaroaren 22an izango da, Aramaioko Etxaguen auzoan, 12:00etan.