Hiru enpresa lehiatuko dira Egogaingo autobus geltokiko itxarongela berria egiteko

Lizitazio-prozesua azken fasean dago, eta 100 metro koadro inguruko espazio berria sortuko dute erabiltzaileentzat.
Hiru enpresa lehiatuko dira Egogaingo autobus geltokiko itxarongela berria egiteko
2026/06/08 13:05
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Egogaingo autobus geltokian egingo duten itxarongela berriaren lizitazio-prozesua azken txanpan sartu da. Eibarko Udalak jakinarazi duenez, hiru enpresak aurkeztu dituzte eskaintzak proiektua gauzatzeko.

Jarduketaren helburua da autobus geltokiari itxaroteko gune estali, irisgarri eta ekipatu bat ematea. Horretarako, 100 metro koadro inguruko lokala egokituko dute, komunak, takillak, informazio-sistemak eta egoteko guneak izango dituena.

Udalaren arabera, espazio berriak garraio publikoa erabiltzen duten herritarren erosotasuna hobetuko du, eta geltokiak gaur egun ez duen zerbitzua eskainiko du.

Itxarongelak bi sarbide izango ditu: bata Egogain kaletik, supermerkatuaren ondotik, eta bestea San Andres pasealekutik. Azken horri esker, Ardantzako tren geltokiarekin lotura errazagoa izango da, eta garraio publikoaren modalitate desberdinen arteko integrazioa hobetu nahi dute.

Proiektuak 350.000 euro inguruko aurrekontua du, eta Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren finantzaketa jasoko du, Lurralde Jasangarritasunerako eta Enplegurako (LJE) funtsen bidez.

Behin lizitazio-prozesua amaituta eta obra esleituta, Udalak datozen hilabeteetan hastea aurreikusten du. Helburua da autobus geltokiaren erabiltzaileek zain egoteko espazio modernoagoa, erosoagoa eta egungo beharretara egokitua izatea.