Hiru lagun atxilotu dituzte Eibarko denda eta enpresetan lapurretak egiteagatik
Ertzaintzako Bizkaiko Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak hiru lagun atxilotu ditu merkataritza-lokaletan eta enpresetan egindako lapurreten aurka egindako operatiboan. Gainera, azken orduetan laugarren bat ikertzen ari direla adierazi dute.
Atxilotuei mota horretako delituetan espezializatutako talde kriminal bat osatzea eta Bizkaiko eta inguruko merkataritza-establezimenduetan eta enpresetan egindako lapurretetan parte hartzea leporatzen diete. Horrela, hamahiru lapurreta egotzi zaizkie merkataritza-establezimenduetan eta enpresetan (tabernak, estankoak, farmaziak...), batez ere Bizkaian, baina baita Eibarren, Elgoibarren, Laudion eta Kantabriako hainbat herritan ere; horrez gain, lapurreta horiek egiteko erabilitako zazpi ibilgailu lapurtzea ere leporatzen zaie.
Martitzenean, agenteek 33 eta 38 urteko bi kide atxilotu zituzten, Bilboko garaje batera sartu eta lapurtutako salgaia eta ibilgailua ezkutatzen ari zirela. Ordu batzuk geroago, talde kriminaleko beste kide bat, 40 urtekoa, atxilotu zuten Bilbon.
Atxilotuak epailearen esku utzi dituzte eguen arratsaldeko lehen orduan. Hiru atxiloketa horiekin eta laugarren taldekidearen ikerketarekin talde hori desegintzat jotzen bada ere, Ertzaintzak ikerketarekin jarraitzen du, eta ez da baztertzen horrekin lotutako atxiloketa gehiago egitea.