Hiru partiduko jaialdia prestatu dute Deporreko pilota batzordekoek biharko
2024/01/11
11:41
eta kitto!
Behin Gabonak pasatuta, gure herriko afizionatuen mailako pilotak bere ohiko jardunera itzuliko da asteburu honetan. Horrela, barixakuetan Astelenan izaten den ohiko funtzioei ekingo diote bihar, hiru partidu hartuko duen jaialdiarekin. 18:00etan hasita, lehendabiziko partiduak lagunartekoa hartuko du, Pilota Eskolako mutikoen artean. Jarraian, 19:00etan hasita (ordu ofiziala hori da), Gipuzkoako Udaberri Txapelketako lehenengoko jardunaldiko norgehiagokan, kadete mailakoa izango dugu, Eibar 1 eta Bergarako bikoteen artean. Jaialdiarekin amaitzeko, Gipuzkoako paleta gomako partidua ikusi ahal izango dugu, buruz-buru eta 7 koadroaren barruan: Soria izango da Eibarko Klub Deportiboko ordezkaria, eta Zumarragako Beloki taldeko Viana izango du aurkari.
Etxetik kanpo ere izango dituzte partiduak gure herriko pilotariek. Biharko jardunaldian, Udaberri Txapelketaren barruan, helduen mailako partidua jokatuko dute eibartarrek Lazkaon, eta kadeteen mailako norgehiagoka izango dute Deporrekoek Beasainen. Etzi, bestalde, infantil mailako gure ordezkariek Villabonan jokatu beharko dute.