Hirugarren Errepublika aldarrikatu zuten atzo Eibarren, bigarrenaren 93. urteurrena ospatzeko ekitaldietan
IU-Ezker Anitzak eta PCE-EPK Euskadiko Alderdi Komunistak, urtero bezala, Martxa Errepublikarra egin zuten, Ermutik Eibarrera. Goizean abiatu ziren, Ermuko Orbe Kardinalaren Plazatik Untzagaraino oinez etortzeko, orain dela 93 urte Ermuko hainbat errepublikazalek egin zuten bezala. Behin Eibarren, udaletxe parean, Sumar koalizioak ekitaldi politikoa egin zuen, Sira Rego eta Enrique Santiagoren parte-hartzearekin. Beste behin, gaur egungo gizartearen gehiengoaren premiak asetzeko Errepublika estatu-eredua aldarrikatu zuten ordezkari politikoek, eta “Euskadiko milaka herritarrek bezala”, III. Errepublikaren alde borrokatzeagatik harro daudela nabarmendu zuten. Ekitaldiarekin amaitzeko, Errepublikaren bandera igo zuten.
Eibarko alderdi sozialistak ere, urtero bezala, Herriaren Etxeko balkoian bandera igota ospatu zuen II. Errepublikaren aldarrikapenaren urtemuga. Jon Iraola alkatearen eta bere aurretik kargu hori bete zuen Miguel de los Toyosekin batera, Denis Itxasok hartu zuen parte ekitaldian, eta egun historikoa hartan protagonista izan zen Untzaga plaza “memoria demokratikorako toki” gisa aitortzea eskatu zuen.
Pilar Garrido Elkarrekin Podemoseko koordinatzaile nagusiak eta Miren Etxebeste Gipuzkoako Podemoseko bozeramaileak, Isabel Fernandez Pejenaute eibartarrarekin batera ospatu zuten Bigarren Errepublikaren 93. urteurrena, Urkizun egindako ekitaldian. Hauek ere Errepublikaren ereduaren aldeko adierazpenak egin zituzten, “gaur egun indarrean dagoen kapitalismo asegaitza kudeatzen eta sostengatzen duen oligarkiari” aurre egiteko konponbide gisa.