Historia handiko San Juan Sari Nagusia proba jokatuko da domekan
Eibarko txirrindulari Elkarteak antolatutako junior mailako probaren 89. edizioa izango da domeka goizekoa, Gipuzkoako txapela ere jokoan izango den lasterketa. Parte-hartzaileek 96 kilometroko ibilbideari egingo diote aurre, tarte horretan Kalbarioko (62. kilometroan) eta Azkarateko (80.ki lometroan) gainei aurre eginez. Proba goizeko 10:00etan abiatuko da T. Etxebarria kaletik, Anbulatorioaren aldamenetik, eta Azitaineraino joango dira martxa neutralizatuan. Helmugan izango da, bai, aldaketarik, aurreko kadeteen proban bezala Urkizuk hartuko baitu lasterketaren amaiera (Untzaga plazan kontzertua dago iragarrita eguerdi horretarako) eta, aurreikusitako ordutegiaren arabera, lehenengoak 12:25erako helmugaratzea espero da. Parte-hartzea aurreko urteetakoa baino handiagoa izatea ere espero da, aurrez esan bezala mailako Gipuzkoako txapela jokoan izango baita.
Tropela Azitaindik San Prudentziorako bidea hartuko du, ondoren Oñatiko Zubillaga auzora jo eta, handik bueltan, Maltzagara iristeko. Hor txirrindulariek Mutrikoraino joko dute eta, Kalbario gaindituta, berriro bueltan, Azkarate gaina atzean laga eta Elgoibartik zuzenean Urkizuko helmugaren bila etorriko dira.