Hodei Ezpeleta etzi jokatuko den XXV. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketan arituko da

EITB-k zuzenean eskainiko duen ekitaldian Urrezko Harrijasotze Txapelketa ere jokatuko dute
Hodei Ezpeleta etzi jokatuko den XXV. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketan arituko da
2025/03/14 10:42
eta kitto!

Gure herriko aizkolaria beste txapelketa garrantzitsu baten finalean izango da asteburuan, zehazki domekan Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko den XXV. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketan. Lehiaketa eguerdiko 12:00etan abiatuko da eta bertan izango dira txapelketa nagusi horretako finalerako sailkatutako hiru bikoteak. Aurretik jokatutako kanporaketetatik Hodei Ezpeletak eta Arkaitz Etxebestek osatuko dute bat, Julen Alberdi “Txikia IV”-k eta Jon Rekondok beste bat, eta Iker Vicentek eta Eneko Saralegik osatuko dute hirugarrena.

Ez da hori izango aizkolarien arteko lehia bakarra, beste hiru ere hartuko baititu jaialdiak: 23 urtetik beherakoan, Jon Erdozia, Jokin Larrieta eta Aritz Oiarbide arituko dira, nor baino nor; 19 urtetik beherakoen mailan, Kimetz Alzolak, Oier Mitxelenak eta Aitor Saralegik neurtuko dituzte indarrak; eta emakumezkoen mailan, Uxue Ansorregik, Laiene Pikabeak eta Karmele Gisasola “Zelai III”-k hartuko dute parte.

EITB-k zuzenean eskainiko duen ekitaldian Urrezko Harrijasotze Txapelketa ere jokatuko dute, hiru mailatan banatuta. Gizonezkoei dagokienez, Harri Handien mailan jardungo dute Gari Garmendia, Xabier Aranburu “Guzta” eta Jon Unanue “Goenatxo III”; eta Harri Txikienekin, Paulo Azpiazu, Iraitz Arruti “Burni Txiki” eta Mikel Lopetegi “Urra”. Emakumezkoen mailakoa ere jokatuko da, Estefi Etxebeste, Maddi Gesalaga eta Ainitze Zumeta protagonista izango dituena.