Hodei Ezpeleta hirugarren geratu zen Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren finalean
Gure herriko aizkolariak eta Arkaitz Etxebeste igeldotarrak osatutako bikoteak ezin izan zuen ezer egin Iker Vicentek eta Eneko Saralegik osatutakoaren kontra txapelketaren 25. edizioan. Azken horiek lehengusuak dira eta ondo baino hobeto moldatu ziren elkarrekin atzo Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatutako final horretan. Irabazleek 31 segundo atera zizkieten Julen Alberdi “Txikia IV”-k eta Ibai Soroak osatutako bikoteari, eta Ezpeleta eta Etxebeste urrutiago geratu ziren, 3 minutu eta erdira.
Urrezko Binakakoaren finalean egin beharreko lana honako bost probatan zegoen banatuta: 45 ontzako bi enbor erlojuz kontra, 60 ontzako bat bertikalean, 65 ontzako beste enbor bat, 45 eta 54eko bi pieza bertikalean eta horizontalean, eta azken bat 60, 65 eta 72 ontzako binaka enborrekin.