Honoka Yonei, foballaria: “Eibartarrak oso atseginak zarete eta Eibar KE oso talde familiarra da”

Honoka Yonei, foballaria: “Eibartarrak oso atseginak zarete eta Eibar KE oso talde familiarra da”
2023/04/14 11:04
eta kitto!
Joan den denboraldian maila galdu ondoren, Eibar KE Iberdrola Ligara igotzeko postuetan da gaur egun, bigarrenean hain zuzen ere, igo ezin daitekeen Bartzelona B-ren atzetik. Dena dela, denboraldia amaitzeko bost neurketa jokatzeko faltan, zazpi talde daude lau punturen baitan eta eibartarrek gogor ekin beharko diote mailaz zuzen igotzeko; bestela, igoera-fasea jokatu beharko dute.

Eibar KE-k hainbat aldaketa izan zituen denboraldi hasieran, alta eta baja askorekin, eta beteranoen lana berebizikoa izan da aurten maila ona emateko. 23 urte eduki arren, Honoka Yonei da taldeko beteranoetako bat. Erdilari japoniarra 18 urterekin etorri zen Eibarrera eta jokalari garrantzitsua dela erakutsi du denboraldi hauetan. Gainera, gustora dago taldean eta herrian, eta beste denboraldi baterako luzatu du kontratua Eibarrekin.

 

Denboraldia amaitzeko bost partidu gelditzen dira, igoera postuetan zaudete, baina talde asko dituzue oso gertu. Nola ikusten duzu denboraldi amaiera?

Baikor gara. Zazpi talde gaude hor aurrean eta, orain bertan igoera postuetan egon arren, ezin gara erlaxatu. Datorrenari aurre egiteko mentalizatuta gaude eta argi dugu den-dena irabazi beharko dugula Lehen Mailara zuzenean igo nahi badugu.

Hain denboraldi gogorra eta berdindua izango zela espero zenuten?

Bai, bagenekien ez zela batere erraza izango, baina ez nuen espero hain txapelketa lehiatua izango zenik, hain- beste talderekin lehenengo postuetan oso puntu gutxitan. Dena dela, argi nuen gu hor aurrean egongo ginela.

Iaz maila galdu zenuten eta aldaketa asko egon ziren taldean, jokalari askok kluba laga eta berriak etorri zirelako. Nola moldatu zarete aldaketa guztiei aurre egiteko?

Iazko taldetik sei jokalari besterik ez ginen geratu eta beste guztiak berriak dira. Beraz, hasiera berri bat izan da denontzat. Hala ere, hasieratik izan gara talde lehiakorra eta oso talde ona daukagula uste dut.

Maila pertsonalean, nola aurkitu zara denboraldi honetan?

Aurten ia neurketa guztiak jokatu ditut eta oso gustora eta eskertuta nago eman dizkidaten aukerengatik eta taldeari ahal dudan neurrian laguntzeagatik. Dena dela, gehiago nahi dut eta horregatik luzatu dut kontratua Eibarrekin.

Taldearen barruan aurrerapausuak eman dituzula uste duzu?

Bai. Ia sei urte daramatzat taldean eta demaseko maitasuna hartu diot klubari. Jende asko ezagutzen dut eta gero eta konfiantza gehiago hartu dut, taldean zein herrian, eta horrela izaten jarraitzea gustatuko litzaidake. Gehitzeko nago hemen.

Urtebetez luzatu duzu kontratua Eibarrekin. Lehen Mailan jokatzeko esperantzaz?

Esperantza hori dut, baina igoera lortu ez arren, datorren urtean ere igotzeko lehian egongo garela uste dut. Lehen Mailan jokatu nahi dut Eibarrekin.

Foballean ez da ohikoa izaten zu bezala sei urtez talde berean jarraitzea. Gustora zauden seinale?

Hori da. Eibar herri txikia da eta egia da batzuetan ez dagoela gauza asko egiteko aukerarik, baina eibartarrak oso atseginak zarete eta baita taldeko jendea ere. Oso klub familiarra da eta alderdi hori asko gustatzen zait.

18 urterekin etorri zinen Japoniatik. Nolako aldaketa sumatu zenuen heldu zinenean?

Aldaketa handia izan zen. Dena dela, Japonian gurasoen etxetik kanpo bizi nintzen, foball-akademia batean jokatzen bainuen. Sei urte egin nituen taldekideekin bizitzen eta familiarengandik urrun bizitzera ohituta nengoen. Hori bai, Eibarrera etortzea beste kontu bat zen, lehen aldia baitzen Japoniatik kanpo bizitzen, eta hasieran asko kostatu zitzaidan, ez nuelako hizkuntza ezagutzen. Bilbon eta Eibarren gaztelera ikasteko klaseak jaso nituen eta taldekideekin asko ikasi nuen.

Eta bizimoduan aldaketa handiak igarri zenituen?

Hasieran bazeuden ulertzen ez nituen gauza batzuk, baina horrek ez zidan hainbeste eragin. Egoera ezberdinetara erraz moldatzen den pertsona naizela uste dut.

Eibarrera etorri zinenean, gizonezkoen taldean Takashi Inui zegoen eta gero Yoshinori Muto etorri zen, eta emakumezkoetan Tomo Matsukawa ibili zen ondoren. Lotura berezia dago Japonia eta Eibarren artean? Horrek moduren baten lagundu zizun?

Fitxatu nindutenean Inui zegoen hemen eta bere itzultzaile lanak egiten zuen mutilak asko erraztu zidan etorrera.

Japoniako emakumezkoen selekzioa munduko txapeldun izan zen 2011n eta tradizionalki potentzia handia izan da emakumezkoen foballean. Zentzu horretan, aurreratuago daude gauzak han?

Japoniak munduko txapelketa irabazi zuenean emakumezkoen foballak demaseko interesa piztu zuen herrialdean eta indar asko izaten jarraitzen du oraindik, baina azken urteotan Europan eta beste herrialde batzuetan emakumezkoen foballak gorakada handia bizi izan du eta Japonian ez hainbeste. Beraz, gaur egun Europan maila handiagoa dagoela eta jendeak interes gehiago duela esango nuke. Gainera, Espainian adibidez, foballaren kultura oso hedatuta dago, gizonezkoen foballa bada ere, eta emakumezkoen foballari hazteko baliabideak ematen badiote, asko hazi daitekeela uste dut.

Hori izan zen hona etortzeko arrazoietako bat?

Bai. Eibarrekin fitxatu aurretik, 17 urterekin, Japoniako taldearekin lagunarteko batzuk jokatu genituen hemen inguruan. Hemengo kultura eta foballa bizitzeko modua asko gustatu zitzaizkidan. Orduan, batxilergoa amaitu ondoren hona etorriko nintzela erabaki nuen. Gainera, bidaia horretan Inui sarritan etorri zen gurekin afaltzera eta berba egitera, eta berak esaten zuenak asko eragin zidan. Hemen oso pozik zegoela esan zigun eta horrelako esperientzia bat bizi nahi nuela ikusi nuen.

Gauza arrunta da jokalari japoniarrek atzerrian jokatzea?

Japoniako jokalari askok jokatu dute atzerrian, baina helduagoak zirenean eman zuten jauzia. Uste dut ni izan naizela hain gazte etorri den bakarrenetako bat.

Japonian, emakumezkoen foballak nolako jarraipena du zaletuen aldetik?

Unbera joaten den zaletu kopuru txikiarekin alderatuta... (barreak). Ia ez da jenderik etortzen gure partiduak ikustera, ez dago giro handirik. Beste zelai batzuetan bai ikusten da publiko gehiago. Japonian ere ez zen publiko askorik egoten gure partiduetan, hirugarren mailan jokatzen genuelako, baina lehen mailan bai, hemen baino zertxobait gehiago.

19 urtez azpiko selekzioan jokatu zenuen. Maila absolutuan jokatzeko itxaropena duzu?

Ez da ezinezkoa, baina oso zaila dela esango nuke, oso jokalari onak daudelako. Batzuek Japonian jokatzen dute, baina beste batzuk Italian, Ingalaterran eta AEBn. Entrenatzaileak baditu gustoko foballariak eta zaila da tokia lortzea. Hori bai, izugarri gustatuko litzaidake.

Japoniatik kanpo jokatu izanagatik, foballari bezala eboluzionatu duzula uste duzu?

Bai. Japonian baloia gehiago ukitzen genuen, ez zen hain joko zuzena egiten eta ez zen hain fisikoa. Moduren batean, jokoa teknikoagoa zen han. Hemen beste estilo hori ikasi dut, taktikoki asko hobetu dut, eta bigarren jokaldiak aprobetxatzen, talka egiten eta baloiak lapurtzen ikasi dut.