Hypermotion Ligako SD Eibar-ek bihar eta domekan jokatuko du
Aste honetan bi neurketei egin beharko die aurre Joseba Etxeberriak gidatzen duen taldeak. Une zaila bizitzen dihardu SD Eibarko gizonezkoen lehen taldeak, aspalditik erakutsi duen joko apalenarekin, eta puntu garrantzitsuak egin diete ihes azken jardunaldietan. Horrek konponketa lehenbailehen aurkitzea eskatuko die jokalari zein teknikariei. Bihar Ipuruan Cadizen kontra 19:00etatik aurrera jokatuko duen partidurako, atzo goizeko lan-saioaren ondoren, gaur arratsaldez Atxabalpen egingo dute partiduaren aurreko azken entrenamendua, ateak itxita.
Etxeko partidua jokatu eta gero, hurrengo hiru egunetan beste hainbat saio egingo dituzte Atxabalpen, kasu horretan Malagako La Rosaledan domeka eguerdi-arratsaldean, 14:00etan hasita, jokatu beharreko norgehiagokari begira. Eguen eta barixakuan 11:00etan hasiko dituzte entrenamenduak, eta zapatuan 12:30ean (hori ere, partiduaren aurreko azkena izanda, ateak itxita egin beharrekoa).