Ibilbide eta data berriekin dator VII. Eibar Hiria Sari Nagusia

Munduko eta Europako Txapelketak tarteko, txirrindulari onenek ezin izango dute etorri
Ibilbide eta data berriekin dator VII. Eibar Hiria Sari Nagusia
2025/09/30 15:32
eta kitto!

Emakumeen txirrindularitzaren egutegi estua dela eta, maiatzetik urriaren lehen asteburura pasa behar izan dute Eibar Hiria Sari Nagusia. Horrela, joan den asteburuan Ruandan jokatu zen Munduko Txapelketaren eta asteburu honetan Frantzian lehiatuko den Europako Txapelketaren sasoi berean kokatu da lasterketa eibartarra eta, txirrindulari esanguratsuenak etorri ahal ez izango diren arren, partaidetza indartsua izango du herriko lasterketak.

Maila goreneko (UCI Women’s WorldTeams) taldeei dagokienez, Movistar Team eta Human Powered Health taldeak izango dira domekan, 09:30ean, Toribio Etxebarriako irteeran. Gainera, UCI Women’s ProTeams mailako Winspace Orange Seal eta Laboral Kutxa taldeek ere hartuko dute parte, azken hauek Ane Santesteban eta Usoa Ostolaza buru izango dituztelarik.

Guztira, 14 taldek hartuko dute parte eta talde gehienek sei txirrindulari aurkeztuko dituzte probara, batzuek lau ekarriko dituzten bitartean.

 

Ibilbidea bi zatitan

Domekan, Elgoibarren, Kilometroak ospatuko denez, lasterketa ezin izango da bertatik pasatu. Beraz, ohiko ibilbidea moldatu egin behar izan dute. Lasterketa Toribio Etebarrian hasi eta Soraluzera joko dute lehenik. Oñatira iritsi ostean, Udana igoko dute, eguneko lehen mendia. Handik, Zumarraga, Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa igaroko dituzte, bigarren mendia igo aurretik: Itziar. Debara jaitsiko dira ondoren, eta Bizkaiara pasa ondoren, Markinatik Ixua igoko dute Toribio Etxebarria kalean amaitu aurretik.

Antolatzaileen berbetan, “lasterketak bi zati izango ditu. Lehenengo zatia nahiko laua izango da; eta bigarrena, Ixuako igoerarekin, izango da erabakiorra”. Aipatu dutenez, talde batzuk lasterketa urrutitik apurtzen saiatuko dira eta, beste batzuek, Ixuako igoera baliatu nahi izango dute.

Bestalde, lasterketa streaming bitartez jarraitu ahal izango da HEMEN.