Igandean jokatuko den Eibarko Hiria Sari Nagusia aurkeztu dute

Laboral Kutxak talde sendoa ekarriko du Usoa Ostolaza, Paula Patiño, Yuliia Biriukova eta Catalina Sotorekin
Igandean jokatuko den Eibarko Hiria Sari Nagusia aurkeztu dute
Jon Iraola Eibarko alkatea, Elena Ibañez berdintasun zinegotzia, Abrahán Olano euskal federazioko ordezkaria, Xabier Irizar Giuzkoako federazioko presidentea, Angel Lopez Eibarko Txirrindulari Elkarteko presidentea eta Beñat Urain Txirrindulari Elkarteko zuzendari teknikoa.
2026/04/16 13:15
Ekhi Belar Errasti

Eibarko Hiria Sari Nagusia aurkeztu zuten atzo arratsaldean, apirilak 15, udaletxean. Lasterketa domeka goizean jokatuko da eta txirrindulariek 108,5 km-ko ibilbidea bete beharko dute.

Lasterketa neutralizatua 10:00etan hasiko da Toribio Etxebarria kaletik, baina Azitaingo biribilgunera iritsi arte ez da hasiera ofiziala emango. Ibilbidea gogorra izango da, hainbat mendate igo beharko dituztelarik. Hala nola, Itziar eta Meaga igoko dituzte lehenik, gero San Miguel eta, helmugarako 6,5 km-ren faltan, Ixua. Horrela, Toribio Etxebarriako helmugara 11:42 inguruan heltzea aurreikusten dute antolatzaileek.

 

Parte-hartzea

Oraindik ofiziala ez den arren, Eibarko Hiria Sari Nagusian parte hartuko duten talde batzuek eman dituzte euren zerrendak. Pro Team mailako Laboral Kutxa – Euskadi Fundazioa izango da talde indartsuena, paperean behintzat. Izan ere, Usoa Ostolaza, Paula Patiño, Yuliia Biriukova eta Catalina Soto arituko dira, besteak beste, herriko lasterketan.

Vini Fantini – BePink talde italiarrak ere lehia eman nahiko du Irene Cagnazzo, Elisa Valtulini eta Nora Jencusova txirrindulariekin. Eneucat – Be Call taldeko Tully Schweitzerrek eta Olha Kulynychek ere goiko postuetan ibiltzeko borrokatuko dute.

 

Zuzenean ikusteko aukera

Eibarko Hiria Sari Nagusia ikusi ahal izango da HEMEN.