Igeriketako Gabon Koparen 34. edizioa arrakastatsua izan zen
2023/12/14
13:17
eta kitto!
Eibar Igerixanek urtero antolatzen duen Gabon Kopak parte-hartze handia izan zuen beste behin. Ipurua kiroldegian, gainera, 38 igerilari aurkeztu zituen gure herriko klubak: 24 emakumezko eta 14 gizonezko. Emakumezkoen arloan, 2011. urteko lau igerilarirekin, 2012.eko sei, 2013ko bost, 2014ko hiru eta 2015eko beste seirekin. Gizonezkoen esparruan, 2013koak izan ziren gehienak (hamar guztira), 2012ko eta 2014ko bana aurkeztu zituzten eta, azkenik, beste biak 2015ekoak ziren.
Lortutako dominei dagokienez, bost izan ziren urrezkoak, bi zilarrezkoak eta beste laurak brontzezkoak. Beñat Murillo (50 metro libre), Koldo Peña eta Helene Navarrete (50 metro bizkar) eta Jon Lopez eta Paul del Rio (50 braza) nagusitu ziren euren probetan. Julen Medina (50 braza) eta Alazne Avellaneda (50 libre) bigarren helmugaratu ziren. Eta Xabat Limia (50 bizkar), Maite Salazar (50 braza), Naia Mejuto (50 tximeleta) eta Kloe Leturiondo (100 libre) podiumeko hirugarren mailara iritsi ziren.