Igerilekuak ez ezik, Ipuruako, Unbeko eta Orbeako kiroldegietako mantentze fisikoko gelak ere erabili ahal izango dituzte beste herrietako erabiltzaileek

Kirol Txartelarekin zerbitzu gehiago izango dituzte  beste herri batzuetako erabiltzaileek urtarriletik aurrera
Igerilekuak ez ezik, Ipuruako, Unbeko eta Orbeako kiroldegietako mantentze fisikoko gelak ere erabili ahal izango dituzte beste herrietako erabiltzaileek
2024/12/17 09:01
eta kitto!

Urtarriletik aurrera, beste herri batzuetako Kirol Txartelaren erabiltzaileek txartelean sartutako udal kirol-instalazioak erabili ahal izango dituzte. Orain arte, txartel honi esker, edozein kiroldegitako igerileku erabil zitekeen, kontuan hartu barik zein zen erabiltzailearen ohiko instalazioa. Urtarrilaren 1etik aurrera, modu esanguratsuan handituko da txartelaren irismena.

"Hobekuntza honekin, igerilekuak ez ezik, Ipuruako, Unbeko eta Orbeako kiroldegietako mantentze fisikoko gelak ere erabili ahal izango dira, bai eta Unbeko atletismo-pistak eta baita Ipuruako rokodromoa ere. Hori guztia aparteko ordainketarik egin beharrik gabe. Neurri honen helburua da udal-instalazioen erabilera sustatzea eta erabiltzaileei esperientzia osoago eta erosoago bat eskaintzea", azaldu dute Eibarko kirol arduradunek. Andoni Ameztoy kirol-zinegotziaren hitzetan, "datorren urtarrilaren 1etik aurrera, aurrerapauso garrantzitsua emango dugu kirola eta jarduera fisikoa herritar guztiengana hurbiltzeko konpromisoan".

Berritasun hauei buruzko informazioa behar izanez gero, udal kirol-instalazioetako pertsonala harreran egongo da, zalantzak argitzeko prest. Gainera, informazio-kartelak jarriko dira instalazioetan, ordutegi espezifikoekin.

 

Ordutegiaren luzapena

Eibarko Udalak, herritarren eskaerei erantzunez, Ipuruako eta Orbeako kiroldegiak ordu erdi lehenago zabaltzea erabaki du. Hemendik aurrera, bi kiroldegiek 7:00etan irekiko dituzte ateak, astelehenetik ostiralera.