II. Errepublika aldarrikatu zela 81 urte igaro direla gogoratzeko ekitaldiak
Bihar apirilak 14 izango ditu eta, urteroko moduan, horrelako egunean Eibar II. Errepublika aldarrikatzen lehenengo herria izan zela gogoratzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Eibarko alderdi sozialistako kideek Untzagako Casa del Pueblo-ko balkoian Errepublikaren bandera ipiniko dute 11.30etan eta horren ardura orain dela 81 urte egun historikoa ezagutu zuten Ernesto Gorosabelek eta Juan de los Toyosek izango dute. Jarraian, urteroko moduan, Txaltxa Zelaian txapliguak botata gogoratuko dute aldarrikapenaren urteurrena.
Bestalde, Gazte Komunistak eta PCE-EPK alderdiak antolatuta, 11.00ak aldera abiatuko da 3. Errepublikarantz. Iragana, oraina eta etorkizuna Ermua eta Eibar bitarteko martxa. Bertan parte hartzen dutenak Untzagara ailegatzean, eguerdi aldera, udaletxe parean Errepublikaren bandera jasoko dute eta, jarraian, nahi duenak Ezker Anitza-IUk antolatu duen herri-bazkarian parte hartzeko aukera izango du.
Domekan ekitaldia eta kontzertua
Eta domekan ere II. Errepublikaren aldarrikapenaren harira, Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatutako ekitaldia hartuko du Untzagak 13.00etan. Arratsaldean, berriz, musikarekin ospatuko dute urteurrena: 18.00etatik aurrera Portalean Rojo. Cancionero y banderas rotas kontzertua eskainiko dute Salvador Amor eta Gabriel Ortega kantautoreek.