"II. Errepublikaren aldarrikapena Eibarren" hitzaldia Ego Ibarraren YouTube kanalean ikusgai
"II. Errepublikaren aldarrikapena Eibarren" hitzaldia eskaini zuen Jesus Gutierrez historialariak Eibarko institutuko ikasleen aurrean, eta Ego Ibarraren YouTubeko kanalean ikus daiteke dagoeneko. Historian zehar "Eibarrek bizi izan duen pasadizorik aipagarriena" azaldu zizkien ikerlariak gazteei, aldarrikapenaren arrazoiak emanez, Eibarrek garai hartan zuen egoera azalduz eta herriaren ezaugarririk nabarmenenak adieraziz.
Gutierrezen aburuz ez da kasualitatea Errepublika Eibarren aldarrikatzea, herriak gizarte- eta klase-kontzientzia oso sustraitua zuelako eta urte asko zeramalako beharginen eskubideen aldeko borrokan. Apirilaren 14an egindako aldarrikapen goiztiar hartatik arratsaldeko 5ak arte —plazari Alfontso XIII. erregearen izena kendu eta Errepublikaren plaza izena jarri arte— Eibarko herritarrak kalean egon ziren, beren amets guztiak egi bihurtzeko itxaropenez.