II. Errepublikaren aldarrikapenaren 81. urtemuga gogoan
Zapatuan, apirilak 14an bete ziren 81 urte Eibarren II. Errepublika beste inon baino lehen aldarrikatu zela eta, urteroko moduan, hori gogoratzeko hainbat ekitaldi burutu dira asteburuan Eibarren, talde ezberdinen eskutik. Zapatuan bertan alderdi sozialistako kideek Untzagako Casa del Pueblo-ko balkoian Errepublikaren bandera ipini zuten. Horren ardura egun historikoa ezagutu zuten Ernesto Gorosabelek eta Juan de los Toyosek izan zuten. Jarraian, Txaltxa Zelaian txapliguak botata gogoratuko dute aldarrikapenaren urteurrena.
Bestalde, Gazte Komunistak eta PCE-EPK alderdiak, Ezker Anitza-IUrekin batera "3. Errepublikarantz. Iragana, oraina eta etorkizuna" Ermua eta Eibar bitarteko martxa egin zuten eta Untzagan, udaletxe parean Errepublikaren bandera jaso zuten. Eta atzo, berriz, Ahaztuak 1936-1977 elkarteak gogoratu zuen aldarrikapenaren urtemuga, udaletxeko arkupeen babespean eguerdian egin zuten ekitaldian. Gerturatu zirenak Salvador Amor eta Gabriel Ortega kantautoreek arratsaldean Portalean egin zuten Rojo. Cancionero y banderas rotas diskoaren aurkezpenaren aurrerapenarekin gozatzeko aukera izan zuten.