"Komunikazioa eta Gardentasuna administrazio publikoetan" jardunaldiaren bideoa Udalaren YouTubeko kanalean ikusgai
Jardunaldia YouTuben zuzenean jarraitzeko hiru kanal ezberdin jarri dira, erabiltzaile bakoitzak nahi duen edo behar duen hizkuntzaren arabera jarraitu ahal izateko: ekitaldiaren jatorrizko bertsioa (bai hitzaldiak, bai amaierako mahai-ingurua, bakoitza egin zen hizkuntzan entzun daitezke), euskarazko bertsioa (kanal horren bidez euskaraz ere entzun ahal izango dira gaztelaniaz eman ziren lau hitzaldiak eta mahai-ingurua) eta gaztelaniazko bertsioa (azken kanal horren bidez gaztelaniara itzuli dira euskaraz eskaini ziren bi ponentziak).
Ekimen honekin lortu nahi izan zena zera da: administrazio publikoek komunikazio eta gardentasunaren alorrean duten eginkizuna ezagutaraztea, eta, halaber, erakunde publikoei gai horietan hobetzeko soluzioak proposatzea.
Aurtengo jardunaldian, besteak beste, honako gai hauek landu dira: komunikazio digitala, krisi-egoeren komunikazioa, marka-irudia, webguneen irisgarritasuna, analitika digitala, gobernu ona, gardentasun aktibo eta pasiboa, eta salaketa-kanalak. Ekitaldia sektore publikoko komunikazio-arloko profesionalei eta, oro har, administrazio publikoko langileei egon zen zuzendua, bai eta komunikazio instituzionalean eta marketinean aditu direnei, komunikazio, kazetaritza edo antzeko graduko ikasleei, edo gaian interesa duten komunikabideei ere.