Ika Mizka zirkuituak Eibarren geldiunea egingo du
Gazteak gure hizkuntza erabiltzeak duen garrantziaz sentsibilizatzeko eta euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzeko asmoz, bigarren urtez abiatu da Ika Mizka. Eta hik, nola bizi dunk euskara? egitasmoa, Gaztezulo eta Gipuzkoako Foru Aldundiak EHU eta MUrekin lankidetzan antolatuta. Proiektuak hainbat alorretako aurpegi ezagunak eta gazteak mahai baten bueltan bilduko ditu, euskaraz eta euskara bizitzeko moduez berba egin eta eztabaidatzeko. Aurreko edizioan kirolariek, kazetariek, bertsolariek, zinemagileek, idazleek eta musikariek hartu zuten parte, bakoitzak bere hausnarketa eginda eta bigarren honetan ere hori da asmoa: "Euskaldunok gure hizkuntzari arnas emateko ahaleginean (edo ez) bizi ditugun gorabeherak mahaigaineratu eta jende gehiagorekin konpartitzeko aukera izango da: pozak, oztopoak, aurrerapausoak, aurpegi txarrak, aldaketak, anektodak…".
Aurtengo edizioa zirkuitu modura planteatu dute eta ibilbidean hiru geldiune egingo ditu: lehenengo saioa datorren astean, urriaren 24an Ordizian (Mondragon Unibertsitatearen Goierriko campusean) egingo dute; bigarrena azaroaren 14an Eibarren (UPV/EHUren Industria Ingenieritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan); eta hirugarrena abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Irunen (Mondragon Unibertsitatearen Bidasoako campusean). Parte hartzeko interesa duten gazteek www.gaztezulo.com webgunean izena eman dezakete, bertan aurkituko duten koadroan datuak idatzita.