Ikasleek energia kontsumo arduratsua bultzatzeko pegatinak aurkeztuko dituzte gaurko Pleno Txikian

Eibarko ikastetxeetan, Eskolako Agenda 2030 programaren baitan landu dute proiektua.
Ikasleek energia kontsumo arduratsua bultzatzeko pegatinak aurkeztuko dituzte gaurko Pleno Txikian
2024/05/23 09:36
eta kitto!

Aurreko urteetan bezala, aurten ere Eibarko Udalak, Debegesak eta Arrateko Andra Mari, Amaña, Urkizu, La Salle-Isasi, La Salle-Azitain, J.A. Mogel eta San Andres ikastetxeek bat egin dute Eskolako Agenda 2030 programarekin. Debabarrenean, guztira, 20 ikastetxe ari dira parte hartzen. Programaren baitan, hezkuntza komunitate osoari (hau da, ikasle, irakasle eta familiei) zuzendutako ekintzak antolatzen dira. Aurten ere, energia eskuragarria eta ez-kutsagarriaren gaia landu dute. Aurreko ikasturtean, ikasleek udalerriko energia diagnosia egin zuten, eta energia kontsumoa murrizteko hainbat proposamen egin zizkieten udal ordezkariei. Aurten, berriz, energia kontsumo arduratsua bultzatzeko pegatinak diseinatu dituzte, eta gaur 10:30ean udaletxean hasiko den Pleno Txikian erakutsiko dizkiete udal ordezkariei.

Energia gutxiago kontsumitzeko, argiak itzaltzeko, ur gutxiago gastatzeko, igogailua ez erabiltzeko, eta eraikinek berorik ez galtzeko ateak ixteko bezalako mezuekin egin dituzte pegatinak, eta hainbat udal eraikinetan (Portalean, udaletxean eta Orbea eta Ipurua kiroldegietan) pegatzeko asmoa daukate.