Ikasturte amaierako irteerak egin dituzte Ongietorriko partaideek
Sosola baserrira egin zuten lehenengo irteera Ongietorri programako hainbat kidek; baserri-munduan murgildu ziren eta, besteak beste, ogia egiteko prozesua bertatik bertara ezagutu zuten. Bisita amaitzerakoan Sosolako produktu gozoak dastatzeko aukera izan zuten.
Joan zen astean, berriz, Leintz Gatzagako Gatz Museoan izan ziren. Irteeran taldeetako partaideek eta haien seme-alabek hartu zuten parte, eta aukera paregabea izan zuten Leintz Gatzagako, eta oro har, Gipuzkoa eta Euskal Herriko ondare kulturalaren zati bat ezagutzeko. Bisita euskaraz izan zen, eta seme-alabek itzultzaile lanak egin zituzten, bisita are dinamikoagoa eta dibertigarriagoa eginez.
Bisitan zehar, gatza ekoizteko teknika tradizionala ikusi zuten, eta kideek prozesu horretan parte hartzeko aukera izan zuten. Irteera hauekin agurtu dute aurtengo ikasturtea Ongietorrikoek. Urritik aurrera berriz ere zabalduko da izena emateko epea.