Ilusioa eta arnasa hartzeko gogoa SD Eibar-en talde nagusientzat
Gizonezkoen Bigarren Mailan jokatzen duen SD Eibar taldeak atzean laga ditu hodei ilunak eta ilusioz begiratzen dio etorkizunari. Azken bederatzi partidetan sei garaipen lortu ditu eta oso gertu ikusten ditu play-off postuak, bost puntura, eta igandean lehia horretan dabilen arerioa jasoko du, 14:00etan, Ipuruan: UD Las Palmas.
Talde kanariarrak eibartarrak baino sei puntu gehiago ditu eta etxekoentzat partida erabakigarria izan daiteke goiko postuetara lotu eta amesten hasteko.
1987/88 denboraldiko SD Eibar-ek bai lortu zuen ametsa, Bigarren Mailara igo zelako eta taldeko kideek omenaldia jasoko dute larunbatean, neurketa hasi aurretik. Gainera, orain dela gutxi iragarri den ‘jardunaldi retrorako’, SD Eibar-ek sasoi horretan erabilitako bigarren kamisetaren edizioa aurkeztu du, “taldeak eraman dituen kamiseta zuriak omenduz”, euren berbetan.
Anoetarako sarrerak
Las Palmas-en aurka aritu ondoren, hurrengo arerioa Real Sociedad B izango du arerio Eibarrek, apirilaren 2an, osteguna, 20:00etan, Anoetan. Realak 645 sarrera eman dizkio Eibarri (20 euroan) eta bihar arte eskuratu ahal izango dira Orsaixan dendan edo esteka honetan.
Gainera, Donostira autobusean joateko aukera ere emango dute Premier Bidaiak agentziaren bitarez.
A Coruñara lasaitasun bila
F Ligako taldeak, ostera, oso bolada beltza dihardu bizitzen. Azken zortzi partidak galdu ditu, nahiz eta azkenengoan Real Madril estu hartu zuen, eta jaitsiera postuak oraindik urrun ikusten dituen arren (zortzi puntura), emaitza positiboak lortzea komeni saio gelditzen denari lasaitasunez aurre egiteko.
Eibartarren hurrengo arerioa A Coruñako Deportivo izango da, hain justu ere sailkapenean gainetik duen taldea. Beraz, aukera ederra izan daiteke bolada txarrarekin amaitzeko.
Partidua larunbatean jokatuko da, 18:00etan, Abanca Riazor zelaian.