Indalecio Ojanguren mendizale eta argazkilariari eskeinitako erakusketa bisitatu daiteke Portalean

“Indalecio Ojanguren 1887-1972” erakusketan, argazkiak ez ezik, familiari esker gorde diren objektu pertsonalak ere ipini dituzte ikusgai.
2024/12/18 10:08
eta kitto!

Eibarko Klub Deportiboaren Argazki sailak Indalecio Ojanguren mendizale eta argazkilari eibartarrari eskaini nahi izan dio urteko azken erakusketa, “Klubaren mendeurreneko ospakizunen azken egunekin bat eginez”. Eguenean egin zuten inaugurazio ekitaldia, eta Eibarko Klub Deportiboko ordezkariekin batera, han egon ziren Indalecio Ojangurenen bilobak eta beste senitarteko batzuk ere. 
Erakusketa honetan Ojangurenen argazki esanguratsuenen kopiak, argitaratu gabekoak, jatorrizkoak, eta haren familiakoei esker gorde diren objektu pertsonalak ikus daitezke, besteak beste. Urtarrilaren 12ra arte joan daiteke ikustera, martitzenetik domekara, 18:30etik 20:30era. 
Gaur egun, Ojangurenen artxiboa Gipuzkoako Foru Aldundiarena da, eta 8.000 argazkitik gorako fondoan dago jasota, Tolosan Gipuzkoako Artxibo Orokorraren zainketapean dauden beirazko euskarria duten plaka askorekin. Une honetan digitalizazio prozesuan daude, baina fondoa osatzen duten ehundaka irudi Internet bidez kontsultatzeko aukera dago, Gure Gipuzkoa webgunean. Horrez gain, aipatutako fondoaren kopia Eibarko Udalaren Udal Artxiboan dago. 
Ojangurenen irudiak aurkitu daitezke ere Kutxako Fototekan, Zarautzeko Photomuseumean, Prentsa artxiboetan eta, jakina, Eibarko Klub Deportiboan, urte askotan bertako presidentea izan baitzen bera.