Ipurua eta Unbe kirol guneetako atezainek greba egingo dute hilaren 18, 19 eta 20an
Euren lan baldintzan kolokan daudela salatzen dute langileek
2025/01/14
10:25
eta kitto!
Urtarrilaren 18an, 19an eta 20an greba egingo dutela iragarri dute Ipurua eta Unbe kirol guneetako udal atezainek. Langileek euren lan baldintzak kolokan daudela iragarri dute. “Udalak lan egutegia dekretuz inposatu digu eta horrek ez digu kontziliaziorako aukerarik uzten”, adierazi dute atezainek ohar baten bitartez.
Langileek honakoa aipatzen dute: “Lan orduetatik kanpo ere telefonoari lotuta egotera behartzen gaituzte, eta inongo konpentsaziorik gabe. Gure lanaldi murrizketak ez dira osatzen, ezta bajak eta oporrak ere”. Gainera, euren berbetan, “gure baldintza ekonomikoak okerragoak dira lan kategoria bera dutenenak baino”. Hori gutxi balitz, “kontratazio ezegonkorrak ere baditugu, lankide bat kaleratzekotan dabiltza”.