Ipurua gimnasia klubak domina sorta bildu du Gipuzkoako Amateur Txapelketan eta Euskadikoan

Nora Izagirrek Espainiako Txapelketa jokatzeko txartela lortu zuen igandean
Ipurua gimnasia klubak domina sorta bildu du Gipuzkoako Amateur Txapelketan eta Euskadikoan
2026/03/18 12:49
Ekhi Belar Errasti

Asteburu oparoa izan da Ipurua Gimnasia Erritmiko Taldeko gimnastentzat, larunbatean Gipuzkoako Amateur Txapelketa jokatu zelako eta igandean Euskadiko Txapelketa.

Larunbateko txapelketan, kadete B mailako taldekako lehian, Ipurua T eta Ipurua F taldeek bederatzigarren eta hamargarren postuak lortu zituzten, hurrenez hurren. Banakakoan, emaitza nabarmenak izan ziren: Arrate Aizpuruk hirugarren postua eskuratu zuen, Ainhize Iturraran bosgarren izan zen eta Izaro Martínez zortzigarren. Gainera, Sebinda Mendy bederatzigarren sailkatu zen eta Gadea Alberdi hamahirugarren.

Kadete A mailan, Iraia Calles bosgarren postuan sailkatu zen. Jubenil A kategorian, berriz, Irati Unamunok bigarren postua lortu zuen. Senior mailan, emaitzak are bikainagoak izan ziren: Gorane Mendibek (Senior B) eta Lía Romanok (Senior A) lehen postuak eskuratu zituzten, garaipen bikoitza ekarriz. Master B kategorian ere podiuma egon zen, Naroa Pérez bigarren izan baitzen; María Cruz bosgarren eta Irea Del Rey zortzigarren sailkatu ziren.

Igandean, federatuen Euskadiko Txapelketa jokatu zen. Base mailako banakako Euskadiko txapelketan, Nora Eizaguirrek bigarren postua lortu zuen, eta horri esker Espainiako Txapelketarako sailkapena eskuratu zuen.

Bestalde, 1. Euskal Ligan ere emaitza onak lortu zituzten taldeek: infantil base taldeak eta jubenil base taldeak bigarren postuak eskuratu zituzten, eta kadete base taldeak hirugarren postua lortu zuen.

Asteburu honetan, larunbatean, Ipuruako gimnastak Andaluziara joango dira GrandPrix de Marbella torneoan parte hartzera.