Ipurua gimnasia klubeko senior taldeak zilarra lortu du Espainiako taldekako Txapelketan

Ipurua gimnasia klubeko senior taldeak zilarra lortu du Espainiako taldekako Txapelketan
2023/12/18 12:04
eta kitto!
Barixakuan hasi eta atzo amaitu zen Espainiako txapelketa horretako finaletan, gure herriko Ipurua klubeko talde nagusiak lan bikaina egin ondoren podiumaren bigarren mailara iritsi zen. Nahia eta Haizeder Arguiz, Indira del Pino, Naroa Alonso eta Arrate Baskaranek osatutako boskoteak hasieratik jardun zuten maila onean eta, 52 talderen artean, lehen pasean 9. postuan amaitu zuten, 25,700 puntu eskuratuz. Zapatuan beste 25,000 puntu lortu zituzten eta, egindako lan bikaina ikusita, teknikariek erreklamazioa aurkeztu zuen, epaimahaiak aintzat hartu ez bazuen ere. Bi errotazio horien ondoren Ipurua seigarren kokatu zen sailkapen nagusian: hor podiuma lortzen dutenak 1. Mailara igotzen dira.

Txapelketa amaitzeko sailkapeneko zortzi onenek lehiatu zuten azken egunean, eta final horretan Ipuruakoek bigarren postua eskuratu zuten. Final horretako pase bakarrean ezin hobeto moldatu ziren eibartarrak, azpitxapeldun izateko. Denboraldirako jarrita zuten helburua lortu dute, beraz, Ipuruako bostek bigarren toki hori eskuratuta.