Ipurua taldeko kadeteek zilarra lortu zuten San Andres torneoan

25 taldetako 300 gimnasta inguruk hartu zuten parte Eibarko txapelketan
Ipurua taldeko kadeteek zilarra lortu zuten San Andres torneoan
2025/11/12 11:03
Ekhi Belar

Domekan, azaroak 9, Gimnasia Erritmikoko XXV. San Andres Torneoa jokatu zen Ipurua kiroldegian. Estatu osotik etorritako 25 taldek hartu zuten parte bertan eta 300 gimnasta inguru aritu ziren, “kalitate handiko lanak” eskainiz, Ipurua Klubekoen berbetan.

Talde eibartarrari dagokionez, oinarrizko kadete mailan dabiltzan gimnastek lortu zuten emaitzarik onena, zilarrezko domina eskuratuz, Tolosaren atzetik eta Portugaleteko Peñota taldearen aurretik. “Kadeteek 5 pilota erabiltzen dituzte Espainiako txapelketarako prestatu duten koreografian. Noa Larrañaga, Maddi Arrazola, Maddi Lanas, Nora Eizagirre, Uxue Astarloa eta Maren Jainaga bigarren urtez ari dira lehiatzen estatu mailako oinarrizko mailan eta bilakaera nabarmena erakutsi dute tapizean. Denboraldia hasi zenetik segurtasuna irabazten eta exekuzioa borobiltzen ari dira etengabe”, diote Ipuruakoek.

Oinarrizko jubenil mailan Calahorrak lortu zuen urrezkoa, Donosti taldeak zilarra eta Santutxuk brontzea. Ipuruak, bestalde, 9. sailkatu zen.

Oinarrizko infantiletan Tolosak irabazi zuen, Leioako Sakoneta izan zen Bigarren eta Donosti hirugarren. Eibartarrek 6. tokian amaitu zuten maila horretan.

Bakarkako lehiaketari dagokionez, Izaro Alonsok, Izaskun Capinterok eta Sheila Vilchezek osatu zuten podiuma. Aipatzekoa da San Andres Torneoa izan zela Ane San Martin eibartarrak jokatzen zuen azken lehiaketa eta, bere agurrean, 13. sailkatu zen.

 

Oviedora eta Castellóra

Tania Nagornaya eta Miriam Merinok prestatzen dituzten gimnastak Oviedon izango dira asteburu honetan, Espainiako Txapelketaren aurretik jokatuko duten azken lehiaketan.

Espainiako Txapelketa azaroaren 20tik eta 23ra bitartean jokatuko da Castellón, eta oinarrizko taldeek hartuko dute parte bertan.