Ipuruako garaje-plazen esleipendunek instalazioak bisitatu ahal izango dituzte behin betiko aukeraketa egin aurretik

Ipuruako garaje-plazen esleipendunek instalazioak bisitatu ahal izango dituzte behin betiko aukeraketa egin aurretik
2026/06/30 21:04
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak bisitak antolatu ditu Ipuruako Santa Ines kaleko garaje berrian plaza bana esleitu zaien herritarrentzat. Helburua da esleipendunek instalazioak eta plaza guztiak bertatik bertara ikustea, behin betiko aukeraketa egin aurretik.

Bisitak uztailaren 2an eta 3an egingo dira, hainbat txandatan. Eguenean, uztailaren 2an, 09:30ean, 11:00etan, 16:00etan eta 17:30ean izango dira; barixakuan, uztailaren 3an, berriz, 09:30ean eta 11:00etan. Taldeak txikiak izango dira, eta parte-hartzaileak zozketan esleitutako hurrenkeraren arabera banatuko dira.

Bisiten ondoren egingo da plazen behin betiko aukeraketa. Horretarako, esleipendunak uztailaren 8an eta 9an deituko dituzte, zozketan ezarritako ordenaren arabera, bakoitzak nahi duen plaza hauta dezan.

Udalak gogorarazi du bisiten helburua dela herritarrek plaza bakoitzaren kokapena, irisgarritasuna eta ezaugarriak ezagutzea, azken erabakia informazio guztia eskura dutela hartu ahal izan dezaten.