Ipurua taldeko gimnasta federatuek Iruñean lehiatuko dute asteburuan

Ipurua taldeko gimnasta federatuek Iruñean lehiatuko dute asteburuan
2023/11/24 12:05
eta kitto!
Neguko egutegiko bi lehiaketa garrantzitsuenen aurrean daude Ipuruako gimnasten lehen lerroko ordezkariak. Talde bi horietako partaideek Iruñean izango dute erronka: senior taldeak Espainiako Kopako 3. fasean eta oinarri-jubenil mailakoek Espainiako txapelketan. Lau egun hartuko dituen hitzordua Nafarroa Arenan izango da, estatu osoko 345 klubetako 3.000 gimnastatik gora bilduko dituen ekitaldian. Jubenilen taldeak (Emile Zamakola, June Araujo, Maialen Apraiz, Elene Ramirez, Nahia San Martin eta Elene Lazpita) zapatuan hasiko dute lehia eta seniorrenak (Nahia eta Haizeder Arguiz, Naroa Alonso, Indira del Pino eta Arrate Bascaran) domekan. Ipuruako prestatzaileek diotenez, bi taldeek ondo prestatu dute denboraldia urte amaierara begira: “Jubenilak urrea lortu zuten Izarlekun eta Donosti Torneoetan, bigarren izan ziren Foru Erkidegoko Trofeoan, Euskadiko Txapelketan eta Gipuzkoakoan, brontzea lortu zuten Anaitasuna torneoan eta, horrez gain, 8. postuan sailkatu ziren Euskalgym entzutetsuan”.

Seniorren taldearentzat Kopa beste urrats bat izango da abenduan Valladoliden jokatuko den Espainiako Txapelketa absolutuari begira. Iruñean estatuko talde onenak izango baitira, euren txapelketa autonomikoetako bi onenek bakarrik izaten baitutelako parte hartzeko txartela: “Gipuzkoako txapelketan urrea lortu zuten, zilarra Euskadikoan eta gure San Andres Torneoan, eta Euskalgymean ere bosgarren sailkatu ziren. Indartsu dauden seinale”.