Ipuruako gimnastak Espainiako Txapelketarako eta Kopako 2. faserako sailkatu dira

Datorren asteburuan kadeteen eta senior mailako banakakoen txanda izango da
Ipuruako gimnastak Espainiako Txapelketarako eta Kopako 2. faserako sailkatu dira
2024/05/29 10:19
eta kitto!

Nahia eta Haizeder Arguizek eta Naia Arrazuak osatutako Ipuruako taldeak taldekako banakako Espainiako Txapelketara sailkatzea lortu du. Eibarko taldeak 4. postua lortu zuen zapatuan Euskadiko txapelketan. Bertan oso puntuazio estuak izan ziren; izan ere, lehen lau taldeen arteko aldea 0,367 puntutan geratu zen, eta soilik lau taldek lor zezaketen Espainiako Txapelketarako txartela. Nahia Arguizek mazoekin lehiatzen du eta 5. tokian sailkatu zen, Haizeder Arguiz zintarekin 4. izan zen eta Naia Arrazuak pilotarekin 3. tokia eskuratu zuen. Arrazua Bermeoko Xixili taldetik etorri da eibartar taldea osatzera.

Emaitza ona lortu zuen Senior taldeak ere, Espainiako Kopako 2. faserako txartela lortuz. Indira del Pino, Naroa Alonso, Maialen Apraiz, eta Nahia eta Haizeder Arguiz hiru zinta eta bi uztai dituen koreografia lantzen dihardute. Kopako 1. fasean 7. tokia eskuratu zuten eta oraindik hilabete luzea dute aurretik lan gogorra egiteko amaitu berri den muntaiarekin. Kopako 2. fasea eta taldekako banakako Espainiako txapelketa uztailaren 2tik 7ra bitartean egingo dira, izendatzeke dagoen egoitza batean.

Zapatu goizean Euskadiko Eskolarteko Jokoak burutu ziren Basaurin. A Iturburu alebin taldeak 2. postua lortu zuen bederatzi talderen artean. Domekan Euskadiko Amateur Txapelketaren zati bat jokatu zen; hor Senior A taldean 5. postua lortu zuen Ipurua M-k eta 8. postua Ipurua P-k. Banakako mailan A gazteak lehiatu zuten: Yuma Otálvaro 11. izan zen sailkapen nagusian eta Lía Romanok eta Saioa Rodriguezek osatutako taldea 16. postuan kokatu zen. B mailan Gorane Mendibe eta Miren Belar 20. postuan sailkatu ziren. Datorren asteburuan kadeteen eta senior mailako banakakoen txanda izango da.