Ipuruako gimnastak Euskalgym-eko txapeldunak oinarriko jubenil mailan

Ipuruako gimnastak Euskalgym-eko txapeldunak oinarriko jubenil mailan
2022/11/03 10:34
eta kitto!
Aurreko asteburuan, Gala eta Euskal Gimnastika Federazioak antolatuta, jokatutako Euskalgym txapelketan, Naroa Alonso, June Araujo, Elene Lazpita, Elene Ramirez eta Nahia San Martinek osatutako jubenil base mailako boskoteak urrea lortu zuen, bi uztai eta hiru maza pareekin egindako lan bikainaren frutu. Estatuan egiten diren txapelketarik entzutetsuenetakoan irabazi eta gero, hilaren 9tik 13ra Cadizeko Jerez de la Fronteran jokatuko den oinarrizko taldeen Espainiako txapelketan izango du hurrengo erronka; eta eibartarrak hilaren 11n aterako dira tapizera.

Bestalde, Ipurua gimnasia klubeko talde tenikoak apustu bikoitza egin du denboraldi berrirako federatuen mailan, oinarrizko eta erabateko zazpi banakako prestatzen dihardutelako estatuko txapelketetara sailkatzeko. Domeka honetan bertan oinarrizko mailetako lau gimnasta Zaragozan izango dira Espainiako Koparako sailkapena lortzeko asmoz: Haizeder Arguiz, Emile Zamakola eta Maialen Apraizek kadete mailan eta Ane San Martin gazte mailan. Bezperan, zapatuan, senior absolutuen mailako Arrate Baskaran eta Indira del Pino Oviedon izango dira bertako Princess Cup - Ciudad de Oviedo Nazioarteko txapelketan parte hartzen: Baskaranek uztai eta mazoak erabiliko ditu eta Del Pinok aroa eta pilotak.