Ipuruako jaixak irailaren 25etik 27ra ospatuko dituzte

Txupinazoa, erromeriak, herri kirolak eta umeentzako jarduerak izango dira, besteak beste, irailaren 25etik 27ra; egitaraua auzoko hainbat gunetan banatuko da.
Ipuruako jaixak irailaren 25etik 27ra ospatuko dituzte
2026/09/18 13:37
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Iraileko azken asteburua jai-giroan emango dute Ipuruako bizilagunek. Hiru egunez, txupinazoak, musika, herri kirolak, bazkaria eta umeentzako jarduerak izango dira auzoan, eta ekintzak Mogel, Jazinto Olabe eta Jubiletxearen inguruan banatuko dituzte. Ipuruako Jaixak jai batzordeak antolatu du aurten ere egitaraua, irailaren 25etik 27ra.

Barixakua, irailak 25

Festak Jazinto Olabe plazan hasiko dira 17:00etan, txokolatadarekin eta Neledantza taldearen emanaldiarekin. 18:30ean, berriz, trikipoteoa egingo dute auzoko hainbat gunetan barrena: Jazinto Olabe, Jubiletxea, Ipuruako Dorreak, Argatxa eta Mogel.

20:30ean, Mogelen, txupinazoa botako dute. Ondoren, bertan izango dira gaueko musika-ekitaldiak ere: 21:00etatik 00:30era Aittu erromeria izango da, eta 01:00etik 02:30era DJ Indie arituko da.

Zapatua, irailak 26

Larunbateko jarduera guztiak Mogelen egingo dituzte. 11:00etan salda eta txorizoa banatuko dituzte, eta 11:30etik 13:30era herri kirolak izango dira.

15:00etatik 18:00etara auzoko bazkaria egingo dute, eta, aldi berean, 17:00etatik 19:30era umeentzako tailerrak eta bazkal osteko bingoa izango dira.

Gauean ere Mogel izango da jai-gunea: 21:00etatik 22:00etara Judash taldeak joko du; 22:30etik 00:30era Iruko erromeria izango da, eta 01:00etatik 02:30era DJ Mirenek itxiko du gaua.

Domeka, irailak 27

Igandeko lehen hitzordua Jubiletxean izango da: 10:30ean toka eta rana jokoak egingo dituzte.

Goizean zehar, Jazinto Olaben, 11:00etan tailerrak egingo dituzte. Eguerdian, 12:00etan, bi hitzordu izango dira aldi berean, baina bi leku desberdinetan: Kaxa Dantza eta vermut eta pintxoak Jazinto Olaben, eta meza San Pio X elizan.

Festetako azken musika-ekitaldia 13:00etan izango da, Jazinto Olaben, Virginia Machines eta Arrateren emanaldiarekin.