Ipuruako kanpoko igerilekuek 51.199 erabiltzaile izan dituzte aurten, iaz baino %24,4 gehiago

Uztailean izan da jende gehien, 20.740 erabiltzailekin; Txaltxa Zelaiko ur-jolasak ere irailaren amaierara arte egongo dira zabalik.
Ipuruako kanpoko igerilekuek 51.199 erabiltzaile izan dituzte aurten, iaz baino %24,4 gehiago
2026/09/16 10:42
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Ipuruako kanpoko igerilekuen aurtengo denboraldiaren balorazio oso positiboa egin du Eibarko Udalak. Izan ere, 51.199 erabiltzaile izan dituzte instalazioek aurtengo udan, iaz baino %24,4 gehiago. 2025ean 41.168 erabiltzaile zenbatu zituzten, eta, beraz, 10.000 erabiltzaile baino gehiago izan dituzte aurten. 

Udalak emandako datuen arabera, jende gehien uztailean ibili da igerilekuetan: 20.740 erabiltzaile izan dituzte hilabete horretan. Ekainean ere kopuru handia izan da, 18.632 erabiltzailerekin. Abuztuan, berriz, 7.954 izan dira, eta irailean 3.873.

Iazko datuekin alderatuta, igoera bereziki nabarmena izan da uztailean. 2025eko uztailean 12.097 erabiltzaile izan ziren; aurten, berriz, 20.740. Ekainean ere ia 1.800 erabiltzaile gehiago izan dituzte: iazko 16.844etatik aurtengo 18.632etara igo da kopurua.

Ur-jolasak, irailaren amaierara arte

Ipuruako igerilekuez gain, Txaltxa Zelaiko ur-jolasak ere udako egun beroetan freskatzeko aukera izan dira. Udalak jakinarazi duenez, irailaren amaierara arte egongo dira zabalik, eta familiek zein haurrek doan erabiltzen jarraitu ahal izango dituzte.

Jon Iraola alkatearen esanetan, aurtengo datuek erakusten dute Eibarren igerilekuek “eskari handia” dutela udako hilabeteetan. Andoni Ameztoy Kirol zinegotziak ere ekainean eta uztailean izandako erabiltzaile kopuru handia nabarmendu du.