Ipuruako Merkatu Plaza Elkarguneak mozioa aurkeztuko du plaza txikia eraisteko proiektua geldiarazteko

Azaroaren 18an hitzaldi informatiboa egingo dute auzoan, udal proiektuaren alternatiba eta merkatuaren inguruko ondarearen garrantzia azaltzeko.
Ipuruako Merkatu Plaza Elkarguneak mozioa aurkeztuko du plaza txikia eraisteko proiektua geldiarazteko
2025/11/13 10:46
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Ipuruako Merkatu Plaza Elkargunea elkarteak jakinarazi du mozio bat aurkeztuko duela Eibarko Udalbatzan, azaroaren 24ko osoko bilkuran, Ipuruako merkatuaren pareko plaza txikia eraisteko proiektua gelditzeko asmoz. Elkarteak azaldu duenez, udalak lizitaziora atera duen egungo proiektuak “plazoleta” deituriko gunea suntsituko luke, eta, horren ordez, 2022an udalak enkargatu eta ordaindutako alternatiba berreskuratu nahi dute.

Mozioa babesteko, sinadura bilketa abiatu dute herritarren artean. Digitalki sinatu daiteke https://labur.eus/plazoleta helbidean, edo auzoko dendetan jarritako orrietan.

Halaber, azaroaren 18an, arratsaldeko 19:30ean, hitzaldi informatiboa egingo dute Ipuruako Merkatu Plazan. Bertan azalduko dira udalak bultzatutako proiektuaren xehetasunak, baita elkarteak proposatutako alternatibaren edukia ere. Azken hori EMUN taldeak 2022an gidatutako herritarren parte-hartze prozesuarekin bat dator, eta merkatuaren eta plaza txikiaren irisgarritasuna bermatzen du, ingurunearen egitura eta izaera mantenduz.

Elkartearen esanetan, Romualdo Galdos etxe multzoak, lorategiek, merkatuak eta eskolak udal mailako babesa dute, eta Eibarko Hiri Antolamendu Plan Orokorrean (HAPO) jasota daude. Gainera, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eta Euskal Kultura Ondarearen Zentroak egindako txostenean, “182. Grupo Padre Galdos” izeneko eraikin multzoa Euskal Kultura Ondarearen Erregistroan sartzeko proposatuta dago. Horregatik, elkarteak azpimarratu duenez, “udal mailan jada babestuta dagoen eta EAE mailan garrantzi historiko eta arkitektonikoa duen multzo bati” eragiten dio proiektuak.